'Urdaibai: Oreka bizian' dokumentala Lizeo Antzokian ikusi ahalko da, bihar
Gatazkan dauden Lurraldeak proiektuaren baitan egindako ikus-entzunezkoa da. Interes pribatuei aurre egiten dieten Urdaibaiko hiru proiektu lantzen ditu. Ikus-entzunezkoa proiektatu eta gero, solasaldia egingo dute.
Urdaibaiko Biosfera erretserbako biztanleek sustatutako zenbait antolakuntza alternatiba eta esperientzia biltzen dituen Urdaibai: Oreka bizian dokumentala proiektatuko dute bihar 18:30ean Lizeo Antzokian. Proiekzioaren ostean eztabaidagune bat zabalduko dute eta protagonistek haien esperientziak azalduko dituzte.
Gatazkan dauden Lurraldeak izeneko nazioarteko proiektuaren barnean kokatutako dokumentala da. Hala, eskualdean kapitala zein interes pribatuak lehenesten dituen politika ereduari aurre egin gura diote, “herritarrek sustatutako tokian tokiko aukerak ezagutaraziz”.
Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundurak elkarrekin aurkeztutako lankidetza proiektua da Gatazkan dauden Lurraldeak, eta proiektuaren asmoa gatazkan dauden hiru herrietako tokian tokiko proposamenei buruzko ikerketa bultzatzea da: “Eredu hegemoniko patriarkal neoliberalak eta bere ordezkari nagusiek –enpresa transnazionalek–, lurralde zehatzetan dituzten eraginak aztertu gura ditugu”.
Nazioarteko hiru lurralde. Horretarako nazioarteko ikerketa taldea osatu zuten hiru lurraldetan: Toliman (Kolonbia), Cabo Delgadon (Mozambike) eta Urdaibain (Euskal Herria). Hala, toki horietako giza garapen iraunkorraren eta tokiko giza garapenaren ikuspegiak aztertu dituzte lau ardatz nagusi jarraituta: lurraren eskurapena eta sarbidea, genero desberdintasuna, iraunkortasuna eta identitate kulturala.
Aztertzen dabiltzan hiru lurraldeetatik ezagutza zehatzak aterako dituzte proiektua burutzean, gero, gizarte mugimendu eta bestelako indarren gaitasun kolektiboak indartzeko eta ekintza transnazionalen aurkako erresistentzia eta bizitza ikuspuntu alternatiboak martxan jartzeko.
Prozesu parte hartzaileekin hasi ziren hiri lurraldeetan duela urte eta erdi, eta toki bakoitzeko diagnostikoa egin zuten. Hala, arazoak eta aurrerantzean egin beharrekoak zeintzuk ziren zehaztu zituzten.
Urdaibai abiapuntutzat. Busturialdeko kasuan, Gernika Gogoratuzek Euskal Herriko Unibertsitategaz batera, Urdaibaiko egoera aztertu zuten. Mugimendu sozialetan dabiltzan herritarrekin batu ziren Bermeon eta Gernika-Lumon, eta batzar irekiak egin zituzten ondorioak ateratzeko. Halaber, zein proiektu dauden martxan ikusi zuten: “Prozesu parte hartzaile horietan hainbat pertsona eta talde ezagutu ditugu, eskualdean erreferenteak direnak. Gero, txostenak argitaratuko ditugu”, aitortu dute arduradunek, eta txostenak hurrengo asteetan prest edukiko dituztela diote.
Parte hartze prozesu horietan landutako hiru proiektu hautatu dituzte, eskualdean “erreferenteak” direnak. Hala, sortzaile horien esperientziak jasotzen dituzte dokumentalean.
Ikus entzunezkoan tokiko arazo zein erronkak azaltzen badira ere, gizarte eragileen proposamenak ezagutaraztea izan da asmo nagusia. Arkibai taldeagaz Urdaibaiko gazte mugimendua islatu gura izan dute. “Azken 10 urteetan Urdaibain aldaketa garrantzitsua suposatu dute gazte mugimenduek, kultura arloan gauzak beste era batera egin daitezkela erakutsi dute”, aitortu dute Gernika Gogoratuzekoek.
Janguriek komunitateko jantoki zein umeen elikadura hobetzeko balio izan duela diote, eta proiektua pizgarri ekonomikoa izan dela uste dute, “batez ere nekazari eta arrantzaleentzat”.
Kolore guztietako basoak taldearen lana ere “esanguratsua” da, enpresa handiek proposatzen dituzten politiken aurrean baso tradizionalak berreskuratzeko planteamenduak egiten dituelako. Hiru proiektu horiek adibideak direla zehaztu dute, eskualdean beste hainbat proiektu daudela aitatuz.